XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guatemaia

Imanol Larrea

Guatemalan egunsentian jaikitzen da jendea.

Goizero iratzartzean barnetik ateratzen zaien mintzaira orain dela milaka urteko bera da.

Ia bostehun urte zaldunak iritsi zirela, eta oraindik ere auzora bizardun bat iristean guztien mirespena pizten du bere arropak, ileak, hizkerak.

Hogetaka hizkuntza bizi da, ikertzaileen artean ez dago adostasunik kopuruari buruz; guztiak maiar jatorrikoak gaztelera eta beste bi ezik.

Lau dira hizkuntza nagusiak: Kitxe, Mam, Kaktxikel eta K'ektxi.

Hauetariko bakoitzaren hiztun kopurua hirurehun milatik (300.000) gorakoa da (Guatemalak hamar bat milioi biztanle ditu).

Gainerakoek ehun mila hiztunetik behera dute eta badira hamar milara ere iristen ez direnak; maiar hiztunen kopurua asko aldatzen da autore batetik bestera, denok esaten dute bi milioitik gora direla, eta batzuren ustez ia hiru milioira iristen da.

Geografikoki oso ondo mugatuta daude, eta gehienen eremuan hiztunen portzentaia %90etik gorakoa da, maiz %100ekoa.

Asko, gainera, elebakarrak dira, batez ere emakumeak; gazteleraz erraztasunez eta naturaltasunez hitz egin dezaketenak oso urriak dira.

Pentsa daiteke, beraz, hizkuntza hauek osasuntsu bizi direla eta aurrerantzean ere honela iraungo dutela.

Baina bada arazorik ere beraientzat.

Konkistatzaileak heldu zirenerako jendea erresuma txikietan banaturik bizi zen elkarrekin borrokan.

Egoera hau oso izan zitzaien onuragarri heldu berriei, eta gero ere sistema bera bultzatu zuten, bakoitza bere herrian isolatuz, ingurukoekin harremanik gabe.

Elizak are gehiago indartu zuen eredu hau, honela beraien aurkako edozein ekintza bateratu galeraziz.

Guzti honen ondorio dugu gaurko lokalismo handia: nork bere udalarenganako fideltasun handia du, talde handiago baten partaide izatearen inongo kontzientziarik gabe.

Zalantzarik gabe baditu honek hizkuntz mailan bere eraginak:

- dialektalizazio handia, harreman eza dela eta.

- norbere udaleko hizkera besterik ez dute onartzen, ingurukoetan hizkuntza bera izan arren zeharo ezberdintzat joz, estandarizaziorako bidea asko zailduz.

- Oso zaila da edozein erreibindikapen, herri-nazio kontzientzia eskasa dela eta (...).